LURREKO ERLIEBEA
Gure planetako zenbait plakatan banatuta daude lurrak. Zati bat urpean dago, ozeano, itsaso, aintzira, ibai eta abarren hondoan.
Bestea, berriz, haien gainetik azaleratuta: kontinenteak dira.
Masa kontinental handiak sei dira: Asia, Amerika, Afrika, Antartika, Europa eta Ozeania.
Lurrazala ez da guztiz laua.
Lurraren gainazalean ugari dira erliebe-formak (lautadak edo ordokiak, goi-ordokiak, mendikateak, haranak, eta sakonuneak), eta ozeano eta itsasoek modelatu egiten dituzte kostaldeak (itsaslabarrak, hondartzak, golkoak, etab.)
Erliebe batzuek zaildu egiten dituzte giza jarduerak, beste batzuk, erraztu.
Gure lurrazala, laua ala irregularra da?
Erliebea aldarazten da? Nola? Urek, haizeek eta landarediek eraldatzen dute erliebea?
Gizakiok aldarazten al dugu erliebea? Nola?
Zer erliebe forma ezagutzen dituzu?
LURRAREN BARNEKO GERUZAK
Lurraren barruan itzelezko jarduera ari da gertatzen etengabe. Horrek eragin egiten du lurrazalean, eta ageriko egiten da. Higidura horiek, izan ere, erliebe-formak eratzen dituzte.
LURRAREN EGITURA
Lurrean
hiru zati zentrokide bereiz daitezke:
- Zatirik barnekoena, NUKLEOa, gure planetaren bolumen guztiaren %15 da. Bi zati ditu: BARNE-NUKLEOA solido egoeran dago, eta KANPO-NUKLEOAn, aldiz, materialak urtuta daude
- Nukleoaren inguruan MANTUA dago, eta Lurraren bolumen guztiaren %84 da. Era askotako materialez osatuta dago, eta horietako batzuk erdi urtuta daude: MAGMA da.
- Lurraren kanpoaldeko geruzari LURRAZAL deritzo, eta planeta osoaren % 1 besterik ez da. Arroka solidoz osatuta dago: Basaltoz eta Granitoz, batez ere.
Mantuaren goiko aldeak eta lurrazalak LITOSFERA osatzen dute: harrizko parte esferikoa.
LURRAZALA
Lurrazala ez da leku guztietan zabalera berbera. Zenbait tokitan oso zabala da, eta kontinenteak osatzen ditu. Beste toki batzuetan, berriz, oso estua da, eta ozeanoen hondoan dago.
Lurrazala ez da laua, eta bai kontinenteetan bai ozeanoen hondoak mendiak, haranak, sakonuneak eta lautada handiak sortzen ditu. Horrela eratzen da Lurreko erliebea. Adibidez, Everest, 8 848 m-ko altitudekoa, Lureko mendirik garaiena da; eta itsas hondoan, Marianetako itsas hobia (fosa), 11 022 m-ko sakonerakoa lurrazalako lekurik sakonena.
Lurreko erliebeak finkoa eta egonkorra dirudi, baina apurka-apurka etengabe aldarazten ari da (Lur kanpoko eragileen eraginez: tenperatura, ura, haizea, landaredia, gizakiok,... eta Lur barneko eragileen eraginez: sumendiak, lurrikarak, failak eta hausturak).
Gainera, lurrazala mantuko material erdi urtuen gainean dagoenez, oreka ezegonkorrean dago, eta horren ondorioz, batzuetan, hautsi egiten da eta leku batzuk goratu eta beste batzuk hondoratu egiten dira erliebea aldatuz.
PLAKA TEKTONIKOAK ETA KONTINENTEEN JITOA
Duela 200 miloi urte inguru kontinente guztiak bateratuta zeuden kontinente bakar bat osatzen: Pangea, deritzona.
Kontinenteen jitoaren teoriak dioenez, kontinente hura zenbait plaka kontinentaletan zatitu zen, eta plaka haiek, apurka-apurka, bereiziz joan ziren, Lurreko Mantuaren higidurak eramanda.
Mantuaren gainean sasi flotatzen dagoen litosfera-zati handietako bakoitzari "Plaka kontinental" deritzo, eta kontuan izan behar da plaka horien talka-eremuak jarduera bolkaniko eta sismiko handikoak izaten direla. Dortsal ozeaniko deritze bi plaka handik elkar ukitzen duten lerroen dauden itsaspeko mendikate handiei.
LURREKO PLAKA KONTINENTAL ETA DORTSAL OZEANIKO NAGUSIAK
ERLIEBEA ERALDATZEN DUTEN BARNEKO ERAGILEAK
Lurrazalaren azpian (Litosfera eta Mantuaren goiko geruzan) badira hainbat gas eta bestelako zenbait material oso konprimituta eta oso beroak. Geruza horrek gainazalean egiten duen
presioaren ondorioz, lurrazala arraildu eta deformatu egiten du.
Barneko geruza horretan gertatzen den presioa (gas eta material oso beroa) Lurraren barneko indarra edo eragileak dira.
Indar horiek lurrikarak nahiz sumendien aktibitate sismikoa sorrarazten dituzte.
SUMENDIAK
Lurrazaleko arrailen bat oso sakona denean eta magma (presio handiko material oso beroa eta urtuta) dagoen lekuetaraino iristen denean, magma arrailean gora igotzen da presioagatik tximinian zehar, eta gerta daiteke kraterrean zehar kanpora irtetea eztanda eginez erupzio moduan: "Eztanda edo Erupzio bolkanikoa"
Erupzio bulkanikoek
gasak, errautsak, harriak eta laba goria kanporatzen dituzte. Airea ukitzean, material horiek hoztu eta lurrazalaren gainaldean jalkitzen dira, eta horrela, kono itxura duten mendi bolkanikoak (
sumendiak) sortzen dira.
Kono bolkaniko batzuk oso mendi handiak bihurtzen dira; adibidez, Teide, Tenerife uhartekoa Kanariar artxipielagoan. Batzuetan, erupzio bolkanikoa itsas hondoan gertatzen denean, kono bolkanikoak uharte berri bat sortzen du, halaxe sortu ziren, esate baterako, Islandia, Japonia, Kanariak, Hawai,...
Lurrazala osatzen duten plakak higitzearen ondorioz sortzen dira lurrikarak. Plaken higidura uhin sismiko moduan hedatzen da, norabide guztietan, aintzira batera harri bat botatzen dugunean bezalaxe.
Lurrikarak dirauen bitartean (segundu batzuk, gehienetan), lurrak dar-dar egiten du, eta ondorioak guztiz suntsitzaileak izan daitezke; batik bat, azpiegiturak lurrikara baten ondorioetan pentsatu gabe egin ziren lekuetan.
Lurrikara guztiak ez dira magnitude berekoak; hau da, denek ez dute intentsitate bera.
Sismografo deritzen tresnek neurtzen dute, eskalen bidez, lurrikara bakoitza zenbaterainokoa izan den.
Lurrikaren magnitudea edo indarra neurtzeko eskalarik ezagunena eta erabiliena Richter eskala da. Richter eskalak adierazten du zenbat energia askatu den lurrikararen bidez.
Lurrikararen intentsitatea neurtzeko beste modu bat Mercalli eskala da: higidura sismikoak eragindako susntsipena adierazten du, neurketa I-etik XII-ra emanda.
Bi eskalen arteko baliokidetasuna finkatuta dago, baina kontuan izan behar da magnitude jakin bateko lurrikara batek ez dituela beti maila bereko ondorioak.
TSUNAMIAK EDO ITSASIKARAK
Lurrikara itsas hondoan gertatzen denean, itsasikara deritzo. Halakoetan tsunami edo olatu erraldoiak sor daitezke, itsasikararen bidez askatutako energiak ura indar handiz higiarazten duelako. Olatu horiek kostalderaino iristen badira, oso suntsitzaileak izaten dira eta uholde katastrofikoak eragin ditzakete.
Tsunamia edo itsasikara da itasoaren hondoan gertatutako lurrikara edo sumendi-erupzio baten ondorioz sortzen diren olatu erraldoien multzoa.
Tsunami baten olatuek milaka kilometro egin ditzakete lehorrera iritsi aurretik abiadura handiz (900 km/h inguru).
kostaldera iristean, olatu horiek altura handiagoa hartzen dute, itsasoak sakonera txikiagoa duelako eta abiadura murrizten delako.
Ezagutu den tsunami altuena 85 m-koa izan zen.
LURREKO ERLIEBE FORMAK
MUNDUKO ERLIEBEA
Comentarios
Publicar un comentario